2010/11/12

UDAZKENEKO EDERTASUNAK



Paraje dotoreak ditugu Arno aldean eta udazkeneko sasoi honetan gauza bitxiak ikus ditzazkegu gure mendietan, guk gozatzeko eta ikusteko. Hemen doaz argazki batzuk.

2010/09/23

KALBAIXOKO JAIXAK, EKIMEN BERRIAK


Aurten ere izan degu Kalbaixoko jaixetaz gozatzeko aukera. Irailaren 12an plater tiraketarekin hasi eta irailaren 19an bukatu ziren auzokoen arteko herri kirol eta bazkariarekin. Iaz hiru auzoetako ( Ibiri, Olabarrieta, Langa) gazteak bildu eta beteranoekin batera ekimen berriak eskeintzeko lanean hasi ginen. Ohitura zaharrak mantendu eta ekintza berriak burutu genituen. Horien artean, umeen eguna jarri eta puzgarriak, tailerrak eta potxokak ekarri ziren. Aurten jarraitu degu, Txantxangorri aisialdi taldearen laguntza jaso dugularik. Egun aparta umeentzat! Horrez gain aurten, lehendabiziz Kalbaixoko I mendi lasterketa antolatu dugu. Guztira 20 korrikalari animatu ziten gure Arno mendian barrena lasterketa egiteko. Proba gogorra baina oso polita. Eta aurten, herri kiroletan harrijasotzaileengan jarri degu gure indar eta gogo guztiak. Usadi zaharreko harriak erabili dira, Ziñua baserriko harriak hain zuzen ere eta "Aritza" harrijasotzailea zenak bere kirol bizitzan erabili zituenak. Bide batez, mutrikuar honi omenalditxo bat egin zaio, eta Kalbaixoko plazara izen handiko harrijasotzaileak ekarri ditugu, ikuskuzun aparta eskeni zutelarik.
Orokorrean ekimen oso politak antolatu dira eta parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi nieke.

2010/04/22

ZUMAIAKO KROSA


AUPA ZUMAIAKO KROSA!
Gogoratu, mendian ibiltzeaz gain korrika egitea gustoko izanez gero, apirilaren 24 ean Zumaian aukera polita daukagu. Arratsaldeko bostetan hasiko da, Lubaki kiroldegian izena emateko aukera dago.
Animo danoi!

2010/04/19

MUTRIKUKO EMAKUME ETA NESKAK LASTERKETETAN

Mendizaletasunaz gain, buelta hontan saltaka egiteko gogoa piztu zaigu Mutrikuko neska taldetxo bati. Zapatu hontan, apirilak 24, izango da Zumaiako Herri Lasterketa. Bertara ehundaka korrikalari gerturatuko dira, horien artean Mutrikuarrak ere bai. Martxoan izan zen Lilatoian korrika egin ondoren, denok gustora bukatu eta hurrengoko helburu Zumaiako Lasterketa jarri genuen. Egia esan hamar kilometro eta 200m, metroak dira! eta korrikalarien erritmoa ere ez da Lilatoian jarri genuena. Beraz, aste hontan aginak zorroztu eta zapaturako prestatu beharko gara. Eta argazkiak hurrengo astean jarriko ditut.

2010/02/19

ARNOKO GURUTZAREN HITZAK

Hauxe da nere blogaren izena, Arnoko Gurutza. Bertso hauetan esaten dena zuek irakurtzea eta ezagutzea nahiko nuke. Mutrikuarrak geanontzat eta Arno mendia bihotzean daramagunontzat, hitz hauek oso bereziak dira, hala sentitzen det nik behintzat. Lehen aldiz, nere aitxaren eskutik jaso nituen hitz hauek eta gaur Mutrikuko Kantu zaharren proiektua dela eta, egunero entzuteko aukera daukat. Hau dela eta hemen eskeintzen dizuet bertso hauek.

Arno'ko gurutza


Herri txiki txiki bat
sortu zan ludian,
"Mutriku" izenakin
Arno'ren onian.
Itxas baso ta mendi
inguru guzian,
Arno'ko Gurutzea
guzien ganian.

Amatxo'k esan ziran
jaio nintzanian,
lendabiziko itzak
arnasa artzian.
Bizi adi, semetxo
pozez ta pakian,
Arno'ko mendiaren
beko barrenian.

Poz-pozik bizi naiz ni
Arno´ren menpian
neure atsegiñetan
zeiñ atsekabian.
Ondo gordea daukat
biotz barrenian,
zuri enzundakoa
aurtxo nintzanian.

Legorrian bezela
itxas zabaletan,
egualdi onarekin
baita ekaitzetan.
Paketsu bizi gera
gu geran lanetan,
Arno´ko Gurutzaren
legue santuetan.

Orain len eta beti
urte askoetan
Mutriku'n beselaxe
beste errietan,
Emen inguruetako
bazter guztietan,
Gurutz ederrak degu
gure mendietan

Mendi polit bat badet
maite biotzetik,
alkarren maite gera
biok aspalditik.
Arno'ko gurutziaz
nago txoraturik,
berdinik ez det uste
inon badagonik.

Ametskor esna nintzan
goiz illun batean,
etxetik irten nintzan
mendiko ustean.
Ene! Zer ikusten det
or aurreko aldean?
Arno´ko Gurutzea
mendi tontorrean

Ez dago aiñ urruti
Arno´ko mendia,
bide galdurik ez da
ederra bidia.
Goazen azkar mutillok !
jauri izerdia !
laizter artuko degu
atseden-aldia

Iya igaro degu,
Biderik erdia,
Ez al dezute ikusten
zerbait irudia?
Begira zelai ortan
txabola txikia,
ez ba da Apaiñ izango,
bera da! egia.

Apaiñera eldu ta
zantzo ba barriak,
Ijiji! batek eta
Ujuju! bestiak
Abots argiz abestuz
abesti maitiak,
alaitasun onian
zar eta gaztiak.

Agur Arno mendiko
ardizai maitiak,
agur zelai eder ta
mendi bitartiak.
Agur Arno'ko Gurutz
eta baserriak,
agur bere menpeko
herritar guziak.

Arkaitzaez josia dan
Arno'ren gorputza,
Arremieta'n zear
Apain'dik goruntza.
(bis)Mutriku'k izan zuan
Jauna'ren laguntza,
mendi artan jartzeko
"ARNO'KO GURUTZA".

2010/02/02

MUTRIKUN KANTATZEN




Aurreko idatzian ere aipatu ditugu Mutrikun egin zen herri kantuari buruzko gora beherak, baina, oraingoan argazki gehiago jarriko ditut. Bestalde, esan kantuan bost talde ibili zirela, aurrez Mutrikuko kanta zaharren proiektuan parte hartu zuten taldeak. Talde hauek izan ziren egunari hasiera eta amaiera eman ziotenak, nahiz eta kanturako beste hainbeste jende bildu zen. Eskertsekoa da, batez ere egin zuen eguraldi kaxkarragaitik. Hemen ba orduan, bertan bildu ziren batzuen argazkiak.

2010/01/29

MUTRIKUN KANTATZEN




Beti esan omen da Mutriku herria oso kantaria izan dela. Kostaldean kokatzen den herri arrantzalea dugu eta mariñelak etortzen zirenean hauek tabernetan alkartu eta kantuan hasten ziren. Baita emakumeak ere, hauek beraien lanpostuetan. Eskabetxean, arraina garbitzen eta prestatzen ari zian bitartean kantuan pasatzen zuten denbora. Kalean ere, jolasean edo olgatzen bazituzten beraien ume kantuak. Kuadrilla ezberdinak ere beti kantuan, beraz, Mutriku kantari, ezin dugu ukatu.
Eta horrela nahi dugu jarraitu, Mutrikuko kantazaharren proiektuko kideek urtarrilaren azken zapaturako, hau da urtarrilaren 30erako ekintza dotorea prestatu zuten. Herriko kaleetan eta tabernetan zehar herriko kantazale guztiak biltzen ahalegindu ziren. Hauek kantuan jardun zuten, hasi eguerdiko ordu batetan eta estarriak apurtuarte. Egun dotorea pasatu zuten bertara hurbildu ziren guztiek, nahiz eta euriak errukirik gabe lagundu.
Hurrengoan errepikatu beharko den ekintza.

2010/01/28

ARGAZKI GEHIAGO



ELURRA MARA MARA


Urtearen hasiera dotorea izan degu. Arno mendia elurtua ikusi eta gozatzeko aukera izan dugu bailarako eta herriko jendeak. Gure mendia ederra bada ere, elurtua zer esanik ez. Eguraldi aparta, Arnoko bideak zuri, isiltasuna nagusi eta hori gozatzeko gure barrenak urduri.
Ume zein nagusiak maldan bera, elurretan bidea zabaldu eta mela mela eginda egundoko goiza pasatu zuten. Ederra benetan!